Aurkibidea |
Beren egokera zala ta, Frantzia-ko ta Inglaterra-ko goi-maillari zetorkion ateratzea oraindar burges gizartearen aurkako irain-liburuak. 1.850-ko garagarrillan Frantzia-n egin zan iraultzan, baita-ere Inglaterra-n jeiki zan mugimenduan biltzarreko berritzearen alde, erbesteko gorrotogarriaren zartateko azpian erori izan ziran berrirotik. Gerozkoan, ezin zezaketen mintzatu benetako politiko burruka bategaz. Idaz-burruka baizik etzitzaioten gelditzen. Baiño idaz-saillean ere, ezarri eziña bihurtu zan Berritzapen aldiko berriketa zaharra. Gogoak beretutzeko, premiazkoa zan goi-maillarentzat, bere interesak aintzakoak etzituztela hartzen itxura ematea, baita burgesia salatzea ere, zapaldutako langille klasearen honuran. Honela, nagusi berriaz kitzikazko kantak asmatzen lasotu zan eta ahopea zori-gaitzak susmatzen.
Modu hontan sortu zan feudo-sozialismua, illletak eta isekariak hemen nahasten zirala ta, era berean, igaro aldietako ohiartzunak eta etorkizuneko erru gorrak . Baldin eta bere iritzipen samiñak zorrotzak eta zurrak burgesiaren biotza bein minberatu bazuen, histori berriaren aurrerapena ulertzeko ahaleziñak beti ekarri zion ondoren irriegingarria.
Ikurriña arauz, proletario zorro ziztriña goratu zuten jaun hauek, herria erakartzeko. Baño herria aratu zan bakoitzean, ipur-maizalak antziñako feudo-mazmarroakin apainduta zeuzketela ohartu zun eta lotsagabeko ta ikaragarrizko algara betean banatu zan.
Frantzia-ko legetiarren zati batek eta " Inglaterra Gazteak" honelako irri-ikusgaia eskeiñi zioten munduari.
Feudalismuaren aldezkariak erakusten dutenean beren menperatzaille erabidea eztala burgesiarena bezelakoa, gauz bat ahazten dute : oso kondizio desberdin eta zahar-okituetan explotatzen zutela. Gaurko langilleria etzegoela beren nagusitzapean ohartzen diranean, egungo burgesia heuren giza-errejimenaren zori-gaiztoko altxuma dala doi-doi ahazten dute.
Bestaldetik, oso gutxi ezkutatzen dute beren iritzipenaren atzelari zentzua, zeren-eta burgesiari arpegira botatzen dioten salaketa nagusiena, bere errejimenaren barruan antziñako giza-mail dena aidean erauziko dun klasea sortzea da egin-eginñean.
Gañera, burgesiari erredutzen diotena, ezta langilleria erabat sort-araztea, iraultzaille proletargoari bizitza ematea baizik.
Horregatik, politiko egikizunetan, langille klasearen kontrako ertsa-bide danetan hartzen dute parte . Ta berriketan arrotsuki jardunarren, bere eguneroko bizitzan badakite nola batu industri-zugaitzetik erortzen diran frutuak eta garbitasuna, maitasuna, ta zintzotasuna nola trukatu illeaz, azukre-arbiaz eta patarraz.
Apaiza ta feudo-jauna eskutik beti juan ziran bezelatsu, sozialismu apaizalea ere feudo-gizartekeriakin batera dijoa.
Eztago gauza errexagorik kristau deunbidea gainaxal sozialista batekin estaltzea baiño. Kristautza ere ez ote zan jeiki noski bakar-jabetzaren aurka, ezkontza ta Estaduaren kontra ? Hauen ordez, ez al zitun irakatsi maitasuna eta eskea, ezkongetza ta aragiaren ildura, praille-bizitza ta eliza ? Kristau-sozialismua ezta apaizak goi-maillaren asarrea onetzen duen ur-bedeinkatua baizik.
Feudo goi-mailla ezta burgesiak eratxi duen klase bakarra, ezta-ere burges gizartean bere bizi-kondizioak gaizkitzen eta ezkutatzen dijoaztela ikusten duen klase bakarra. Erdi Aroko hiritar xumeak eta nekazari txikien sailla izan ziran oraingo burgesiaren aitzindariak. Industriz eta salerostez gutxi aurreratuta dauden herrialdeetan, bizitza geldoa darama klase honek, burgesia loratsuen alboan.
Zibilizaziño berria loretu dan herrietan, langilleri ta burgesiaren erdian mugitzen dan burges-txikien klase berri bat sortu da. Nola burges gizartearen osagarri zati bat dan, halatan etengabe eraberritzen da klase hau; baiño osatzen duten gizakiak, geldigabe erotzen dira proletargoaren barruan, konpetentzia dala ta; industri haundia gehitzen dijoalako, gaurko gizartearen zati burujabe bat bezela betiko ezkutatuko diran momentua urreratzen dala ikusten dute ta bereala nekazaritzan, salerostean eta manufakturan, beren ordez, kontramaishuak eta kargudun gizonak etorriko dirala.
Frantzia bezelako herrialdeetan, hau da, biztanleen erdia baiño ugariago nekazaritza dan tokietan, berezkoa da idazleak proletargoaren arrazoari eustea burgesiaren aurka, burges-errejimena gaizkitzea ta burges-txiki ta nekazariaren ikuspegitik langille alderdiaren alde jokatzea. Honela sortu zan burges-txiki sozialismua. Sismondi da eleder honen erakuslerik ospetsuena bai Inglaterra-n, hala Frantzia-n ere.
Sozialismu honek zorrotz aztertu zitun produzioko erlazio berrien barnako kontradizioak. Argi ta garbi azaldu zitun ekonomisten andiespen azalutsak. Uka-ziñez agertu zitun makinismu ta lan-zatitzearen hilgarri ondorenak, kapitalaren eta lur-jabetzaren biltzea, super-produziñoa, krisiak, burges txiki ta nekazarien alabeharrezko jaustasuna, langilleriaren mixeria, produzioko nahasmena, aberastasunezko banaketaren desberdintasun izugarria, herri-arteko industrizko guda sakailtzaillea, ohitura zaharren, antziñako senditar erlazioen eta nazionalitate zaharren suntsitzea.
Hala-ere, bi gauzetan agertzen da sozialismu horren egiazko mamia: batetik, produzio ta trukerako bide zaharrak eraberri nahi ditu ta, horiekin batera, antziñako jabetz-erlazioak eta gizarte zaharra; bestaldetik, ausita izan ziran, nahitanahiez apurtuta izan behar ziran jabetz-erlazioen ustai estu baten sartu nahi ditu bortxaz gaurko produzio ta trukerako tresnak. Bai holakoan, bai halakoan, erabat atzelaria ta ametsezkoa agertzen da sozialismu hau.
Hara hemen bere azken hitza: manufakturan, baltzuzko eredua; lurlantzan, oinginaizko errejimena.
Bere bilakatzean, joera hau bildurkeri negartizko baten erori da.
Burgesia feudo-absolutismuaren kontra jeiki ezkerotxe sartu zan Alemanian Frantzia-ko literatura sozialista ta komunista, burgesia menperatzaille baten uztarpean sortu zana ta nagusitza honen aurkako burrukaren idaz-agerpena dana.
Filosofuak, erdi-filosofuak eta alemandar "ispiritua ederrak" gosez jausi ziran eleder honen gaiñian; baiño ahaztu egin zuten frantzez elederrakin batera etzirala sartu Alemania-n Frantzia-ko sozio-baldintzak. Alemandar baldintzetan, ekintzarako urreneko zentzu dena galdu zun frantzez elederrak eta osotik elertizko funtsa hartu zuen. Giza-izatearen egiteri buruz asmatutako alperrikako gogaketa dirudi behar zun noski. Honela, Frantzia-ko aurreneko Iraultzaren erreibindikazioak etziran XVII-garren mendeko alemandar filosofuentzat "Adimen praktikoaren" eskaerak baizik; eta frantzez iraultzaille burgesen gogo-agerpenak, bere iritziz, etziran borondate utsaren legeak baizik, borondate hau behar bezela ulertuta, hau da, egiazko giza-borondatea.
Alemandar elertizaleen lana, beren filosofizko ezaubide zaharrak frantzez adigai berriekin alkartzera mugatu zan, edo hobeki esateko, beren filosofizko iritziak oiñarriz harturik, frantzez adigaiak bereganatzera.
Erbesteko hizkuntza bat bereganatzen dan bezelatsu, egin ziran haiekin: itzulpenaren bidez.
Gauza jakiña da prailleak nola ezarri zituzten antziñako jentiltasunaren eskuz idatzitako liburu gañian katolikutzaren itxurgabeko ipuin sakratuak. Alemandar elertizaleak alderantziz jokatu zuten frantzez ez-saindu elederrari buruz. Frantzez lenidatziaren azpian, heuren funts-gabeko adigai filosofizkoak sartu zituzten. Adibidez: diruaren helburuei buruzko frantzez iritzipenaren azpian, "giza-izatearen salkuntza" idazten zuten; burges Estaduaz egindako iritzipenaren azpian, "orokor abstrakto agintearen ezabatzea" ezartzen zuten eta abar.
Frantzez adigaien ordez atera zuten filosofizko berriketa, honela izendatu zuten: "ekintzaren filosofia", "egiazko sozialismua", "sozialismuaren alemandar jakintza", "sozialismuaren filosofizko oiñarriak" eta abar.
Honela, zeharo moztuta gelditu zan frantzez eleder sozialista ta komunista. Eta alemandarren eskuetan nola entzun adierazten gehiago klase bata-bestearen burruka, "frantzez estutasunaren" gain-gaiñean zeundela iruitu zitzaien alemandarrei ta bai pentsatu ere "egiaren beharkizunari" eutsi ziotela egiazko beharkizuneen ordez eta proletargoaren interesen lekuan, giza-izatearenak zaindu zituztela; ta erabat gizonarenak, iñungo klase ta errealitateari ez dagokionarenak, filosofizko irudikeriaren zeru laiñotsuan bakarrik bizi dan gizonarenak.
Ikas-gogoketa errebesak ain benetan hartu ta han eta hemen ainbesteañoko sarata berritsuakin zabaltzen zitun sozialismu honek, poliki-poliki galtzen zun bere arrokerizko zintasuna.
Alemandar burgesiak, batez ere Prusiakoak, feudalen eta absolutu monarkiaren kontra zeraman burrukak, hitz batian, liberal mugimenduak, zentzu ardurazkoagoa atzematen zun.
Honela etorri zitzaion "egiazko sozialismuari" ainbeste guratu zun ordua sozialista eskaerak politiko mugimenduaren parean ezartzeko. Aspaldiko biragoak bota zitzaken liberalismuaren kontra, baita-ere ordezko errejimenaren, burges konkurrentziaren, agerkari burges-askatasunaren, burges-zuzenbide, libertade ta berdintasunaren aurka; azaldu zitzakeieten herritaldeei ezer irabazirik etzeuketela burges mugimendu hontan, aitzitik guztia galduko zutela. Frantzez iritzipenaren oihartzun txepel utsa besterik etzan alemandar sozialismuak, gertu-gertuan ahaztu zun harek aurrez ikusi zuena: gaurko burges gizartea, dagozkion material bizi-baldintzekin eta politiko jaurbide egoki batekin; hau da, Alemania-n oraindik eskuratu behar ziran oiñarriak ahaztu zitun egin-egiñean.
Alemania-ko gobernu absolutuentzat eta apaizen, irakasleen, sasi-zaldunen eta burokrateen segidarentzat, mehatxagarri jeikitzen zan burgesiaren aurkako amestu zomorroa bilakatu zan sozialismu hau.
Gobernu horiek ber-berak alemandar langille burrukalarien kontra erabiltzen zituzten zigorraldi ta tiroen zati gozoa osatu zun.
Baldin-eta honela, gobernu eskuetan, alemandar burgesiaren kontrako harma bilakatu bazan "egiazko sozialismua", hontaz gañera interes atzelaria, alemandar burges-txikiaren interesa atzelaria, alemandar burges-txikiaren interesa babesten zun. XVI-garren mendeak utzitako burges txikien klasea, ordutik honera erabide desberdiñetan etengabe berpizten dala, Alemania-n eraikitako errejimenaren egiazko giza-oiñarria da benetan.
Berari eustea, orain Alemania-n dagoen errejimena zaintzea da. Burgesiaren industrial eta politiko nagusitasunak ondamen zigurraz mehatxatzen du: batetik, kapital-biltzearen bidez; bestaldetik, proletargo iraultzaille bilakaeraren bidez. "Egiazko sozialismuak" ots baten bi txori hil zitzaketela iruditu zitzaion burgesia txikiari. Ta hura izurri bat bezela zabaldu zan.
Beren "betikozko egi" gorriak ezkutatzeko, jantzi bat asmatu zuten alemandar sozialistek; salerosketazko armarma ariez josita zegoen, erretorika lorez ertzatuta ta intza samurgarri bategaz bustita; baño irudizko jantziak salgai-eskaera haundiarazi besterik etzuen lortu horrelako jendarte artean.
Bere aldetik, geroago ta hobeago ulertu zun alemandar sozialismuak burgesia txiki honen ordezkari ospetsua izatea zetorkiola.
Alemandar nazioa normala zala ohikatu zun eta bai aldarrikatu ere alemandar mesokrata gizon normala zala. Gizon normal honen lotsari guziei zentsu ezkutua eman zien, osotoro eraldatzen zuten zentzu goragoa ta sozialista. Bere artakoa izan zan bururaiño, komunismuaren "abereki suntsikorra" zan joeraren kontra garbiki bihurrituaz eta adieraziaz nola, bere alderdigabetasun ospatsuan, jartzen zan klaseen burruka guztien gañian. Banaka, batzuek kendu ezkero, Alemania-n zabaltzen diran komunista ta sozialista izeneko idazlanak, elerti zikin eta ahulgarri honen barruan sartu ditezke.
Burges gizartea sendotzeko, burgesiaren zati batek giza-gaitzak zuzendu nahi ditu.
Mail hontakoak dira ekonomistak, gizatiarrak, giz-ikastunak, langille klaseen bizikera hogeagotzen saiatzen diranak, ontasunaren antolatzailleak, abereen babesleak, neurritasunezko Batzokien eraikitzailleak, etxeko berritzaille denak. Eta sozialismu honentzat sistema osoak ere bururatu ziran.
Aipatu dezagun, esate baterako, Proudhon-ek atera zun "Mixeriaren Filosofia".
Sozialista burgesek gaurko gizartearen bizi-baldintzak luzatu nahi dituzte, baiño hauengandik alabeharrez sortzen diran burruka ta arrisku gabe. Oraingo gizartea iraunazi nahi dute, baiño iraultzen eta austen duten elementu gabe. Burgesia nahi dute, baiño proletargoa gabe. Jakiña, buruzagitzen dun mundua, hobeena dirudio burgesiari. Irudimen pozgarri honentzat, gutxiago edo gehiago osoa dan sistema bat asmatzen du sozialismu burgesak. Bere sistema aurrera eramateko ta Jerusalen berrian sartzeko langilleriaren billa dijoanean, egitez gaurko gizartean jarraitzea eragiten dio, baiño beraren gain moldatu dun adigai gorrotogarria kendurik.
Sozialismuaren bete erabideak, hain arauzkoa eztanak, bai ordea ekintzarako egokiagoa, iraultzaille mugimendu guztietatik atera nahi lituzke langilleak, agertuaz ez dizkietela erakarriko irabaziak politiko aldaketa honek edo harek, baizikan, eta bakarrik, bizitza-material kondizioen eta ekonomizko erlazioen aldakuntza osoak. Baiño ikusi zer dan sozialismu honentzat bizitza-material kondizioen aldakuntza: ezta iñolaz ere iraultzaille bidez soillik egin diteken burges produzio-erlazioen ezeztatzea, hauek oiñarri bezela hartuta egindako buruzpideko berritze azalezkoak baizik, kapital eta sari-lan arteko erlazioak ezer ere aldatzen ez dutela; hoben-hobenez, bere nagusitzak behar ditun gastuak gutxituko lituzkete eta burges gobernuaren buruzpideko lana errestu.
Erretorika tankera utsa bihurtzen danean soillik, lortzen du sozialismu burgesak bere itxura egokiena.
Arreman aske, langille klasearen honurako! Eskubide babesleak, langille klasearen honurako! Gelazko presondegiak, langille klasearen honurako! Hara hor sozialismu burgesaren azken hitza, benetan esan duen bakarra.
Baietza hontan datza sozialismu burgesa: burgesak, langille klasearen honurako, dira burgesak.
Ezta ikutzen hemen, oraindañoko iraultza haundi danetan, langilleriaren eskaerak zehaztu ditun elertia (Babeuf-en idazkiak eta abar).
Bere klasezko interesei eusteko, langilleriak egin zitun lehenengo ahalegin zuzenak irakite orokorraren denboran, feudo-gizartea erortzearen garaian, alabeharrez pot egin zuten, langilleri ber-beraren bilakaera txepela zalako ta etziralako oraindio bere askatasunaren material kondizioak, zeren-eta hauek, burgesia etorrita gero, sortu litezken soillik.
Langilleriaren aurreneko mugimenduekin batera atera zan literatura iraultzaillea, bere mami aldetik atzelaria zan bortxaz. Deunbide osoa ta berdinkeri zakarra irakasten zitun.
Egiazko sistema sozialista ta komunistak, hau da, Saint-Simon, Fourier, Owen-enak eta abar, proletargoaren eta burgesiaren arteko burrukaren asierako garaian, gorago zehaztutako aldian, agertzen dira. (Ikusi "burgesak eta proletarioak").
Sistema hauen asmatzailleak belaxe ohartu zuten klaseen ezin-konpondua ta, era berean, elementu banatzailleak daramaten ekintza menperatzaille gizartearen barnean. Baiño ez dute ikusten historiko ekin-biderik langilleri aldetik, ezta-ere honeri dagokion historiko mugimendu baterik.
Klaseen ezin-ikusia nola aurreratzen dan industriarenakin batera, heurek ere ezin dituzte billatu proletargoa askatuko duten material baldintzak; eta hor dijoazte giza jakintzaren eta giza-legeen billa, kondizio horiek eraikitzeko asmoan.
Giza-ekintzaren lekuan, norbere buruarena jartzen dute; askatasunaren kondizio historikoen ordez, irudimenezko baldintzak; maillaka klase bihurtuko dan langilleri-erakundearen ordez, berak asmatutako gizartearen erabidea ezartzen dute. Heuren aburuan, edakundearen bidez eta beren giza-egitamuak aurrera eramanaz erabakitzen da munduko etorkizuna.
Egitamu hauek gertutzeakoan, langille klasearen interesak, gehiena sufritzen duen klasearenak, zaintzen dituztelako kontzientzia badute noski. Beren begi aurrean, proletargoa gehiena sufritzen dun klasearen itxurapean agertzen da soillik.
Baiño klasezko burrukaren asierako tankerak, baita heuren giza-egokerak ere, klaseen ezin-konpondu guztien gañian jartzera eramaten dituzte. Gizakide guztien kondizio materialak -zori honekoenarenak ere bai- hobeagotu nahi dituzte. Horregatik, gizarte osoari deitzen diote berezirik gabe, batez ere, nagusi klaseari. Beren iritziz, aski dalako heuren sistema ulertzea, izan ditezken gizarte honenaren egitamuetatik hoberena dala aitortzeko bereala.
Beraz, ekintza politiko dena ukatzen dute, batez ere, ekintza iraultzaille guztia; paketsu bidez lortu nahi dituzte heuren helburuak, eta giza ebaingeru berriari bidea irikitzen saiatzen dira, ikaspidearen indarraz, ziurki beti uts egiten duten oar-ikaspeaz gutxiro baliatuaz.
Proletargoa oso gutxi zabalduta zegolarik, bere egokera irudimenezko begiekin ikusten zuen garaian geroko gizarteari buruz egindako irudimenezko elestia, langilleen aurreneko xedeei dagokio, zeren-eta hauek gizartearen aldatze osoruntz jotzen zuten.
Baiño sozialista ta komunista idazlan hauek ba dituzte elementu kritikoak. Gaurko gizartearen oiñarri denak jazartzen dituzte. Beraz, langilleak irakatsitzeko material oso baliotsuak eskeñi dituzte bere denboran. Geroko gizarteari buruz aurreratutako idazlan honuratsuak, hau da: hiri ta baserriaren arteko desberdintasunaren kentzea, familiaren ezeztatzea, baita irabazte bakarrarena ta aloger lanarena ere, giza-adoxtasuna aldarrikatzea, produzio buruzpide uts bat Estadua bihurtzearen alde jokatzea; adierakizun hauek klaseen arteko ezin-konponduaren ezkutatzea baizik ez dute azaltzen, nahiz eta ia agertu gabe egon oraindio ta sistemen asmatzailleak ez ezagutu oraindik aurreneko erabide illunak eta nahastuak baizik. Honela, adierazpen hauek ere oso zentzun ametsezkoa baizik eztute.
Sozialismu ta komunismu kritiko-ametsezkoaren garrantzia besteraka dagokio historiko bilakaerari. Klaseen burruka sendotzen dan neurrian eta tankera zeatzagoak hartu ala, alde batera lagatzeko egiten dan izugarrizko leiak, egiten zaion irudimenezko oposizioak bezelatsu, ekintzarako balio dena galtzen dute ta, honekin batera, teoriazko argibide guztia. Hara hemen, azpegi askotan iraultzailleak izanagatik ere sistema hauen sortzailleak, zergatik diran beti atzelariak heuren ikasleak eratutako alderdiak, zeren-eta heuren irakasleen adigai zaharrei eusten diete, proletargoaren geroko historiko bilakaera gorabera. Beraz, eta hortan bere artakoak izan dira, klaseen burruka nola galerazi-billa dabiltza, nola adizkidetu ezin-konponduak. Beren ameskeriak saiatu nahian dabiltza, samaldategi bakartuak eraikiaz, heuren lurraldeetan barrutiko koloniak iraziaz, Ikaria txiki bat, Jerusalen berriaren antzekoa amabirenean jasoaz; eta alperreko burutasun hauek eraikitzeko, biotzari ta burges gizatiarren dirutzari deitu beharrez arkitzen dira. Gorago aipatutako atzelari edo eskuindar sozialisten saillan erortzen dira poliki-poliki ta haiek ez bezelako arauzko arropuskeriak, giza-jakintzaren mirarigille balioan daukaten sinizkerizko ta itsutu fedeak bakarrik berextutzen dituzte.
Beraz, langille klasearen politiko ekintza denaren kontra daude su ta gar, zeren-eta, heuren aburuan, honelako ekintza ebaingeru berrian fede itsutu-ezagatik sortu diteke bakarrik.
Inglaterra-n kartisten aurka jokatzen dute owenistek; Frantzia-n, berriz, fourieristak dabiltza erreformisten kontra.
<< II PROLETARIOAK ETA KOMUNISTAK | IV OPOSIZIÑOKO BESTE ALDERDIEN ERETZEAN KOMUNISTEK DAUKATEN JOKABIDEA >> |