Aurkibidea

K. Marx & F. Engels

KOMUNISTA ALDERDIA-ren AGIRIA

 

 

 

I
BURGESAK ETA PROLETARIOAK

 

Gaurdaño izan dira gizarte guztien histori idatzitakoa klase-arteko burrukaren kondaira da.

Gizon aske ta jopuak, handizki ta herri xumeak, jaun eta morroiak, maixu ta langiñak, hitz batian, zanpatzaille ta zapalduak beti ibilli ziran bekoz-beko; burruka iraunkorra erabilli zuten, batzuetan izkutuka, besteetan agirian eta nabarmen. Burruka horren ondorioa beti izan zan gizartearen iraultzaille aldaketa edo elkar-aurka zebiltzen klaseen ondapena.

Historiaren aurreneko garaietan, ia lurralde guzietan mota askotsuan banatuta arkitzen degu gizartea; eta sozial-kondizioei buruz, zenbatsu lerro maillazkoa ikusten degu. Handizki, jaun, herri-xume ta jopuak billatzen ditugu Erroma zaharrean; feudo-jaun, mendeko, maixu, langiña ta morroiak ditugu Erdi Aroan; ta, gañera, bereziko motak klase bakoitzean.

Hil zan feudo-gizarte barrutik sortu zan gaurko burges-gizarteak ez ditu ezerrestu klasezko kontradizioak. Lehengokoen ordez, klase berriak, oinperatutzeko baldintza berriak, burrukarako erabide berriak baizik ez ditu asmatu.

Hala-ere, gure aroak, burgesiaren aroak, ba du bere bereiztasuna: klase-arteko kontradizioak bakundu ditu. Are ta gehiago bi alorre kontrarioetan, elkar-aurka dabiltzen bi klase haundietan erdibitzen ari da gizarte osoa: burgesia ta langilleria.

Erdi Aroako morroiengandik sortu ziran aurreneko hirietako hiritar askeak; hirisail hontatik irten zuten gero burgesiaren lehenengo elementuak.

Ameriketa-ren aurkitzeak eta Aprika-ko itxas-itzuliak ekintzarako alor berria eskeiñi zioten sortu-berri burgesiari. India ta Txinako merkatuak, Ameriketa-ko kolonizatzeak, koloniekin ekindako salerosketak eta, era batera, ordainketa ta salerosgai-bideen gehiegitzeak ordu arte ezagutu etzan ez bezelako indarra eman zioten komertzioari, itxas-ibiltzeari ta industriari, ahalezkoa egiñik, horrezkero, hausten zijoan feudo-gizartearen iraultzaille elementuaren bilakatze bizkorra.

Industriaren antziñako feudo edo lagundiko erabidea eztan aski orduan merkatuaren beharkizunak osatzeko, hauek gehiegitzen bai zijoazten azoka berriak iriki zirala ta. Haren lekuan, manufaktura jarri zan. Industrial erdiko klaseak lagundietako maixuak aldertatu zitun; eta lagundi desberdin arteko lan-banatzea zeharo izkutatu zan lantoki bakoitz barruan eratu zanaren aurrean.

Baiño merkatuak etengabe haunditzen ziran eta era berean salbidea. Beraz, manufaktura ere etzan aski. Makiñak eta lurriñak arras aldatu zuten orduan industrial-produzioa. Manufakturaren ordez gaurko industri haundia etorri zan eta industrial milloidunak, langille talde osoen buruzagiak, oraindar burgesak eseri ziran industrial erdiko klasearen tokian.

Industri haundiak eraiki du mundu-merkatua, Ameriketa-ko aurkitzeak antolatu zuena. Mundu-merkatuak izugarriro bizkortu zun saleroste-bideen aurrerapena, baita itxas-ibiltze ta lur-transportearena ere. Bereala, industriaren jaso-aldiari lagundu zion aurrerapen honek eta industria, salerosketa, itxas-ibiltzea ta burnibideak zabaldu ala sendotzen zan burgesia ere, bere kapitalak gehituaz eta Erdi Aroak utzitako klaseak alde batera baztertuaz.

Ikusten degunez, bilbakuntzaren bide luze baten frutua degu berez oraingo burgesia, saleroste ta produzio-tresnetan egindako iraultz-taldearen ondorioa.

Burgesiak bilakatze-zehar iritxitako mailla bakoitzarekin, berari dagokion politiko aurrerapena etorri da. Lehendabizi, feudo-jauntxokeriak zapaldutako giza-mailla izan zan; gero, elkargo armaduna bere burua zuzendurik "Commune" deritzaioten hirietan; leku batzuetan, hiri-Errepublika askea; besteetan, "irugarren estadua", monarkiaren menpekoa; geroago, manufaktura-garaian, handizkien kontrapishua feudo-erdi ta absolutu Monarkietan eta, erabat, monarki haundien oiñarri sendoa; azkenian, industri haundia ta mundu-merkatua eraiki ezkeroztik, bereganatu zun burgesiak gaurko ordezgarri Estaduko politiko Aginpidearen nausitasun osoa ta bakarra. Oraindar Estaduaren gobernua, burges klase oroaren elkarrekiko harremanak zaintzen ditun Elkargoa baizik ezta.

Burgesiak eginbide txit iraultzaillea bete du Historian.

Aginpidea eskuratu dun tokian, feudo-aitalen eta maitetsu erlazioak oinperatu ditu burgesiak. Erruki gabe hautsi ditu gizona "berezko nagusiekin" lotzen zuten feudo-lokarriak; eta gizonen artean eztu utzi interes gordiñaren lotura baizik, biotz-gabeko "diru-esku ordainketarena". Berekoi zenbaketaren izotz-uretan ito ditu erlijiozko berotasunaren soraldi sakratua, saldun-sugarra ta burges-txikiaren samurkeria. Trukerako balio uts bat bihurtu du gizakizko goitasuna. Emandakoak eta ongi irabazitakoak izan ziran ainitz askatasunen ordez, traturako kezkagabeko libertade bakarra ezarri du. Hitz batian, erlijiozko ta politiko lilluraz jantzita zegoen explotaziñoaren ordez, explotaziño agiria, zuzena, gogorra ta lotsagarrizkoa eraiki du.

Argi-koroi santuaren gabe utzi ditu burgesiak orduraño ohoragarritzat eta agurkatutzak zeunden bizibide guztiak. Bere alogerekoak bihurtu ditu sendagillea ta legelaria, apaiza, olerkaria ta jakintsua.

Erlazioak ezkutatzeko zeukan samurkeri-bigungarrizko estalkia erantsi dio familiari, ta diruzko erlazio-utseetara mugatu ditu.

Burgesia garbi erakutsi su erreakzioak Erdi Aroan ainbeste andietsi zun indaragerpen gogorrak nola billatzen dun osagarri egokia alperkeri ajolakabe haundienean. Berak adierazi du lehendabizi gizonak egin ditekena; Egipto-ko txunturrak, erromatar urbideak eta gotikuen Gotzai-Elizak ez bezelako mirariak sortu ditu ta bai eraman ere herri-alda ta Gurutzadak ez bezelako gudaldiak.

Burgesiak ezin diteke bizi, produzio-tresnak etenbarik aldatu gabe ta, ondorioz, produzio-erlazioak ta, honekin batera, giza-erlazio denak. Ostera, lehenagoko industrial klase enaren aurreneko baldintza bizitzeko, produzio-erabide zaharra gordetzea izan zan. Produzioan dabillen etengabeko aldaketa, giza-sistema guztiaren geldigabeko astiñaldia, betikor mugimendu hau ta segurantza-eza eztira aurreneko aroen bereiztasunak, burgesiarenak baizik. Zeharo hausten dira herdoildu ta sustraitua zeunden giza-erlazioak, baita gizaldien joan-etorrietan honartu ta agurkatuta izan ziran sinispen eta asmoak ere; horien ordez sortzen diranak, hezurtu baño lehenago zahartzen dira. Berreun zati egiten da jatorrizko oiñarriengandik gelditutakoa ta egonkorra zana; sakratua zeharo itxusitzen da; ta, azkenian, bizitza-kondizioak eta elkarrezko erlazioak lasaiki begiratu beharrez arkitzen dira giza-semeak.

Burghesia mundu orora zabaltzen da, bere produktoei jaso haundiagoa eman beharrak bultzatuta. Alde guzietan egapetutzeko premia dauka, edonun sartzekoa; beharko eraiki nun-nahi bere lokarriak.

Mundu-merkatua explotatuaz, burgesiak nun-nahiko bereizgarria ezartzen diete herri guztietako produzio ta konsumuari. Erreakzionariek, atsekabe haundia izan arren nazional ezaugarria kentzen dio industriari. Zeharo ondatzen dira antziñako nazional industriak eta etengabe ondatzen dijoaz. Heuren ordez, industri berriak jasotzen dira ta hauen ezartzeak hil edo biziko prolema dakarkie laterri zibilizatuei, zeren-eta industri hauek eztira baliatzen bertako lengaiez, lurralde urrutienetik datoztenaz baizik eta heuren produktoak ez dituzte saltzen beren herrietan bakarrik, bazter guzietan baizik. Produkto nazionalez osatutako beharkizun zaharrenen ordez, beste berriak azaltzen dira, askituko ba dira herri urrutieneko ta egutaro desberdiñetako produktoak eskaturik. Nazio ta herrialdeak baztertuta bizi ba ziran lehen eta berenaz egiten ba zuten, Iudi guziko salerosketa ta laterrien bata-besteaganako elkartasuna diran orian nausi. Ta hau material produktoari bezela dagokio buruzkoari. Nazio bateko buruzko produzioa guzien jabetza bihurtzen da. Geroago ta eziñagoak agertzen dira egunetik egunera nazional muga ta bakarkeria; nazional eta lekuko elertiak moldatzen dute mundu-literatura.

Produzio-tresnen hobetze bizkorrari eskerrak eta elkarbideen etengabeko aurrepenari, nazio denak gizakundera dakarzki burgesiak. Produktoen salneurri merkeak osatzen dute Txina-ko ormak erasten ditun artilleri astuna; honek mendearazten ditu gañera erbestekoen basati aitzitiko itsutuenak. Burges-produzioko erabidea onhartzera eragitzen ditu nazioak, hil nahi ezpadute, berarena deritzaion zibilizaziñoa ezartzera; hau da, burgesak bihurtzera. Hitz batian: bere antzeko mundua eraikitzen da.

Baserria hiriaren menpean jarri du burgesiak. Egundoko hiriak jaso ditu, arrigarrigo ugaritu du hirietako jendetza baserrikoaren aldean, honela jendetzaren zati haundi bat baserri-bizitzaren jakiñezagandik ateratuaz. Ta baserria hiriaren mendekoa egin dun bezelatsu, nazio basati ta erdi-basatuak zibilizatuen azpian ezarri ditu, baserri-herriak burgesen mendean ta Sortaldia Sartaldiarenean.

Burgesiak geroz eta gehiago ezeztatzen du produzio-tresnen zatiketa, baita jabetza ta jendetzarena ere. Zeharo pillotu du jendetza, produzio-tresnak bateratu ditu eta bakar-batzuen eskuetan bildu du jabetza. Horren derrigorrezko ondorioa politiko zentralizaziñoa izan da. Interes eta lege desberdiñak, gabernu ta muga-sari arau bestelakoak eukirik, feudo-lokarriekin bakarrik lotuta zeunden probintzi burujabeak, nazio baten bildu ditu, gobernu bakar eta lege bakar baten menpean, klasezko nazional interes eta muga-sari arau bakar baten azpian ezarriaz.

Nahiz eta eun urte ez euki burgesiak, bere aginpideari eskerrak, igarotako gizaldi guztiak batera baiño produzio-indar ugariago ta ikaragarriagoak sortu ditu. Munduko indarrak menperatzea, makiñak erabiltzea, industriaren ta nekazaritzaren honurako kimika jartzea, lurrin-itxasketa, burnibidea, tximist-telegrafua, mundu-alde osoak langarriak bihurtzea, idaiak ontziz iragangaiak bilakatzea, lurretik hiri osoak zirri-parra sorturik, nork asmatu zezaken aurreneko mendeetan honelako produzio-indarrak zeundenik sozial-lanaren barnean?

Ikusi degu, bada, feudo-gizartean sortu zirala produzio ta trukerako tresnak eta, hauek oiñarri dituztela, eratu dala burgesia. Produzio ta trukerako tresnen aurrerapenak halako mail bat iritxi zuenean, feudo-gizarteak produzioa atera ta trukatzen zitun baldintzak, nekazaritzaren eta manufakturarezko behargintzaren erabidea, jabetz-feudo-erlazioak bezela, etziran gehiago egokiak aurreratuta zeunden produzio-indarrentzat. Produziori eusten zioten, eragiñazi beharrian. Beste ainbeste eragozpenak bihurtu ziran. Beraz, beharko hausi; ta eten egin ziran.

Bere lekuan konkurrentzi askea eraiki zan, zegokion politiko-sozial jaurbidea eta burges-klasearen ekonomizko ta politiko nagusitza zituala.

Gure begi aurrean haren antzeko mugimendua ari da. Produzio ta trukerako baldintzak, jabetzaren burges-errejimenak, produzio ta trukerako tresna hain altsuak sortarazi ditun oraindar burges-gizarteak, infernuan araoka jaso ditun indarrak menperatzen ez dakin sorgiña dirudi. Hamar urte batzuek ezkero, industriaren eta salerosketaren historia, gaurko produzio-indarrak daramaten matxinadaren historia baizik ezta: batetik, produzioaren egungo erlazioen aurka; bestaldetik, burgesiaren izatea ta bere aginpidea baldintzen duten jabetz-erlazioen kontra. Aski da aipatzea, aldizka itzultzen diralarik, burges-gizartearen izatea geroz eta gehiago arriskuan jartzen duten saleroste-krisiak. Saleroste-larrialdi bakoitzean, sortutako produktoen funtsezko zati bat ez-ezik, araubidez ezerresten da eratutako produzio-indar berberena. Aurreneko garai edozeñetan gezurantza eduki zezaken sozial-izurria zabaltzen da krisis hauetan gizartearen gañian: superproduzioaren izurria. Bat-batean, basakerialdi egokera batera atzeratuta arkitzen da; goseak eta gudu-gorri ta sarraskitzaille batek bizipideak kentzen dizkiela esan dezake; industria ta salerosketa lurpean dirudi. Ta zergatik? Zeren zibilizaziño gehiegi bait dauzka gizarteak. Dauzkan produzio-indarrak ez dute gehiago balio burges-jabe erlazioen bilbakuntzarentzat; ostez, indartsuegiak azaltzen dira egiazko ostopo bat osatzen duten erlazio hauentzat; eta produzio-indarrak eragozpen hau gaindutzen duten bakoitzean, nastapillara bultzatzen dute burges-gizarte osoa ta bai arriskuan jarri ere burges-jabetzaren izatea. Burges-erlazioak estuegiak azaltzen dira heuren barnean eratutako aberastasunak gordetzeko. Nolatan gaindutzen du burgesiak krisis hau? Alde batetik, derrigor ezerreztuaz produzio-indar pilla haundi bat; bestaldetik, merkatu berriak bereganatuaz eta lehengokoak sendokiago explotatuaz. Beraz, zer modutan egiten du? Krisis orokorrago ta izugarriagoak antolaturik eta galerazteko bideak gutxiturik.

Feudalismoa botatzeko burgesiak erabilli zitun iskilluak, beraren kontra bihurtzen dira orain.

Baiñan burgesiak ez ditu eratu heriotza ekarri behar dioten harmak bakarrik; iskillu horiez baliatuko diran gizonak ere, berak sortu ditu: langille berriak, proletarioak.

Burgesia, hau da, kapitala haunditu ala zabaltzen da proletargoa ere, langille berrien klasea; hauek biziko ba dira, lana billatu behar dute; ta bere lanak kapitala gehitzen badu bakarrik atzematen dute. Norberen buruak zatika saldu beharrez arkitzen diran langille hauek saleros-gauza dira, beste edozein salkari bezalaxe; konkurrentziaren gorabehera denak, merkatuaren aldaketa guziak sufritzen dituzte horregatik.

Makiñen are ta gehiagoko erabiltzeak eta lanaren zati-zatitzeak, norberaren bereizgarri dena kendurik proletar-lanari, lillura guzia galdu-arazi dio. Makiñaren eraskin utsa besterik ezta langillea; etzaio eskatzen egite errexena ta era berdiñekoa baizik, askarrago ikasi ditekena. Beraz, langillearen gostua gaurko egunean bizitzeko ta betikotzeko behar ditun bizipideetara mugatzen da. Baiño lan-indarraren sal-neurria, salkari denarena bezela, produzio-gostuaren parekoa da. Horregatik, lan nazkagarrienari lansari ziztriñena datorkio. Hau baiño gehiago, makinismua aurreratu ta lana zati-zatitu ala gehiagotzen da langitea, edo egunaldia luzatzen dalako, edo lan-denboran ekoizpen gehiago eskatzen diralako edo makinen mugimendua ariñagotzen dalako ta abar.

Industrial kapitalistaren fabrika haundia bihurtu du oraindar industriak aitalen maixu langiñaren lantegi txikia. Langille-talde osoak, fabriketan pillotuta, gudari-legez antolatuta daude. Industriaren gudari soillak bezela, ofizial eta ofizial ordekoen jerarki oso baten zaingoa eramatera bortxatzen dituzte. Ez dira burges-klasearen, Estadu burgesaren jopuak bakarrik, makiñaren, kontramaishuaren eta, batez ere, ola-nagusiaren mendekoak baizik egunero, ordu danetan. Nausikeri hau xuurragoa, gorrotogarriagoa ta asarregarriagoa agertzen da, bere helburu bakarra irabazkin utsa dala ago-betean aldarrikatzen duelarik.

Lanak trebetasun eta indar gutxiago eskatu ala, hau da, industri-berria aurreratzen dan neurrian, emakume ta humeen lana ere errexago ezartzen da gizonenaren lekuan. Giza ta adinari buruzko desberdintasunak garrantzi sozial dena galtzen dute langille klasearentzat. Ezer eztago lan-tramankuluak baizik, hauen gostua giza ta adin bidez aldaturik.

Lantegi-nausiaren explotazioa sufritu ta saria eskuetan hartu ondoren datorzkio langilleari burgesiarekiko beste elementuak: etxe-jabea, dendaria, prestatzaillea eta abar.

Industrial txiki, dendari ta errendariak, langiñak eta nekazariak, beste bateko erdiklaseen beheko maillak gehiagotzen dute proletargoa: batetik, beren kapital txikiak aski ez diralako produzioa haundiro ateratzeko ta lurra jotzen dute kapitalista haundiei arpegia emateakoan; bestaldetik, produzio-bide berriak heuren tekniko trebetasuna ezerrezten dutelako. Honela, herriko klase guztiaz osatuta arkitzen degu langilleria.

Honen bilakatzeak aldi desberdiñak ezagutzen ditu. Sortu zanetik jeiki zan proletargoa burgesiaren kontra.

Asieran, langille batzuek banaka daramate burruka; gero, fabrike bateko langilleak; osterago, langintza berdiñekoak jeikitzen dira mamia zuzenki ateratzen dieten burgesaen aurka. Ez dira konpormatzen produzio-erlazio burgesak erasotzen dituzte, konpetentzia dakarzkien erbesteko salgaiak ondaturik, makiñak hausirik eta lantegiei sua emanik. Langilleak Erdi Aroan galdu zun lekua bortxaz bir-eskuratzen saiatzen dira.

Aldi hontan, lurraldean zabalduta ta konpetentziagatik bakanduta dagon herritalde bat osatzen dute langilleak. Hauek herritalde bilduetan osatuta ba daude, ekintza ez dagokio oraindik heuren elkartasunari; burges-batasunaren ondorioa da, zeren-eta honek, bere politiko helburuei eusteko, langilleria mugi-arazi behar du ta oraingoz egin dezake. Aldi hontan, langilleak ez dute burrukatzen oraindio heuren etsaien kontra, etsai hauen kontrarioen aurka baizik; hau da, monarki absolutu-arraztoren, lur-jabeen, industrial ez diran burgesen eta burges txikien kontra. Honela, burgesiaren eskuetan biltzen da historiko mugimendu guztia; baldintza hauetan iritxitako garaipenak berari zor dizkiegu.

Baiña industria, bere aurrerabidean, ezta mugatzen langilleak ugaritzena; herritalde gero ta haundiagoetan pillotzen ditu; hauen indarra altsuagoa itzultzen da ta horren kontzientzia hartzen dute. Langilleen interesak eta bizitz-baldintzak berdiñagoak bihurtzen dira, makiñak lan-desberdintasunak kendu ala ta lansaria ia toki danetan galga, era berean behekora, mugatzen duela. Burges-arteko konpetentzia dala ta, bai sortzen ditun saleroste-krisisagatik ere, lansariak gorabehera gehiago ezagutzen dituzte; makiña etengabe ta are ta askarrago hobeagotzen dalako ere, aldakorragoa bilakatzen da langillearen egokera; geroz eta gehiago langille-burges arteko jazargoak bi klaseen artekoak dirudi. Burgesen kontrako elkargoak eta sindikatuak zuzentzen asten dira langilleak eta lansariei eusteko elkarki jokatzen. Hori baño gehiago; elkargo iraunkorrak antolatzen dituzte beharrezko bideak euki ditzaten, bein honelako burrukak sortzen diranerako. Han eta hemen, matxinadaren itxura daukate burrukak.

Batzuetan langilleak garaille ateratzen dira; garaipena, ordea, igarokorra da. Beren burruken egiazko ondorena ezta noski urreneko garaipena, langilleen elkartea zabalagoa bihurtzea baizik. Industri haundiak jasotako ibilbideen gehitzeak, herri askotako langillen elkar-ikustea errazten duelarik, arras laguntzen dio elkarte honeri. Ta aski da elkar-ikuste hori, toki danetan ezaugarri berdiña daukaten ainitz borroka lekukoak burruka nazionala ta klase-artekoa bilakatu ditzaten. Edozein klase arteko borroka, ordea, politiko jazargoa da. Erdi Aroako hiritarrak, auzobideen bitartez gizaldien zehar eraiki zuten elkartasuna, urte batzuetan irixten dute gaurko langilleak, burnibideei eskerrak.

Langilleak beren artean daramaten konpetentziak etengabe zulatzen du proletargoaren klasezko erakundea ta, beraz, alderdi politikoa. Baño berrirotik sortzen da, ta beti indartsuago, sendotsuago, gogorrago. Burgesen-arteko harremanaz baliatzen da, langille klasearen interes batzuek legez onhartzera bortxatzeko; esate baterako, hamar orduko lan-egunaren legea Inglaterra-n

Gehienetan, gizarte zaharreko jazargoak modu askotan laguntzen diote langillearen bilakatzeari. Burruka gorrian bizi da beti burgesia; asieran, goi-maillaren kontra; gero, burgesia ber-beraren zati batzuen aurka, haun interesak ados ez datoztenean industri-aurrerapenekin; eta, azkenian, betiko gerlatea darama beste herrietako burgesiaren kontra. Burruka hauetan, langilleari deitu, bere laguntza eskatu ta honela politiko mugimendura bultzatu beharrez arkitzen da. Hortan, bere politiko hazikeraren elementuak, hau da, bere buruaren kontrako iskilluak ematen dizkie burgesiak langilleei.

Bestalde, ikusi degunez, zapaltzaille klasearen zati osoak datozte langilleriarengana, industriaren aurrerapenak zirikatuta; edo, behintzat, bizitza kondizioetan arrixkuan dagoz. Berak ere aurrerapenaren elementu asko dakarzkiote proletargoari.

Askenez, klase arteko borroka bukatzera dijoan aldietan, menperatzaille klasearen zati txiki batek ies egiten du bere maillatik, eta iraultzaille klasearengana barnean etorkizuna dakarrengana dator; hain da gogorra ta bizia zapaltzaille klasearen eta gizarte zaharraren urtzeak jarraitzen dun bidea ta. Beraz, beste baten haundizkien zati bat burgesiarengana joan zan bezelatsu, gure egunetan burgesiaren zati bat, historiko mugimendua teoriki ezagutzea lortu dun burges-ideologuen partea doi-doi, proletargo-barrura dator.

Gaur burgesiaren kontra dabiltzen klaseen artean, langilleria da soilki egiazko iraultzaille klasea. Beste denak jausten dijoaz eta industri haundiaren aurrerapenakin ezkutatzen dira; langilleria, ordea, beraren produktu berebizikoena da.

Erdiko maillak -industrial txiki, dendari txiki, langiña ta nekazaria- burgesiaren aurka burrukatzen dute, beren izatea -erdi-klaseak bezela- gordetzeko. Ez dira, bada, iraultzailleak, eskuindarrak baizik. Gehiago oraindik: konserbadoreak dira, zere-eta Historiaren gurdia atzera itzuliarazi nahi lukete. Iraultzailleak dira soillik langilleriaren besoetan urbil eroriko dirala ikusten dutenean, honela eterkizuneko interesak zaindurik, ez oraingoak; eta beren ikuspegiak alderatzen dituztenean proleargoarenak onhartzeko.

Lunpen-proletarioa -gizarte zaharraren mailla behekoenen usteltzearen produktu geldoa- mugi-arazi diteke batzuetan langille iraultzaren alde; hala-ere, bizitza-kondizioen eragitez, gertuago dago beti erreakzioari, burua saltzeko, honen azpijokoen alde jokatu dezan.

Gizarte zaharraren bizitza-baldintzak aspalditik daude ezerreztuta proletargoaren bizitza-kondizioetan. Langilleriak eztu jabetzarik; emazteari ta semeei buruzko erlazioak ez daukate ezer ikusirik burges-familiarenekin; gaurko industrial lanak, kapitalaren menpean ezarririk langillea nola Inglaterra-n ala Frantzia-n, edo Ameriketa-n Alemania-n bezelatsu, nazional ezaugarri dena kendu dio langilleari. Legea, morala ta erlijioa burges-ustekeriak derizkio, hauen atzean ainbeste burges-interesak ezkutatzen bait dira ta.

Antziñan aginpidea lortu zuten klaseak iritxitako egokera sendotzen saiatu ziran, gizarte osoa heuren jabetz-erakundearen menpean ezarriaz. Langilleak ezin dituzte bereganatu produzioko giza-indarrak, ezpadituzte ezerrezten bereziki dagozkien jabetz-tankera ta, beraz, oraindio zutik dauden jabetz-modu denak. Langilleak ez daukate berena dan babestugarririk; gaurko bakar-jabetza gordetzeko ta enpratzeko erabilli dan den-dena ondatu behar dute.

Orain arteko mugimenduak talde gutxi batzuei zor dizkiegu ta heuren probetxun egiñak izan dira. Proletar-mugimendua, gehienak, beren honurako, bete duten ekintza buru-jabea da. Langilleria, egungo gizartearen beheko mailla, ezin diteke jeiki, ez zuzendu ere, ezpaditu erauzten ofizial gizartearen supra-estrukturak osatzen dituzten mail guztiak.

Langilleriak burgesiaren aurka daraman burruka, nazionala da baitipat, ezpada bere muiñagati, bai, ordea, erabiltzen dun erabideagatik. Jakiña, herri bakoitzeko langilleriak bertako burgesia jausi behar du lehenik.

Langilleri-aurrerapenaren aldi guztizkikoenak aipatzean, anai-gudaren bilakaera jarraitu degu, izkututa edo agirian dagolarik hau gaurko gizartearen barnean, iraultza nabarmenaren itxura hartu arte ta langilleriak, bein burgesia bortxaz erautsita gero, nagusitza ezarri arte.

Ikusi degunez, oraindañoko gizarte denak, menperatzaille ta zapaldutako klaseen arteko ezin-konponduan finkatu dira. Klase bat oinperatutzeko, ordea, jopu bezela bizi dedin kondizioak enparatu behar zaizkio gutxienez. Jopua -mirabe yaurpide gorrian- baltzu-kidea bilakatzen zen, burges-txikia -feudal-absolutismoaren uztarpean- burgesaren maillara igotzen zan bezelatsu. Gaurko langillea, ostera, industriaurrerapenakin batera goratu beharrean, bere klaseari dagozkion bizitza-baldintzak baño beherago jetxitzen da. Behar-gorrian erortzen da langillea; ta eskaleria, jendetza ta aberastasuna baiño askarrago, ugaritzen da oraindio. Agirian dago, bada, burgesia gauza eztala gehiago nagusi-klasearen eginkizuna betetzeko, ezta-ere zuzentzaille lege bezela ezartzeko gizarteari bere klasearen bizitza-kondizioak. Ezta zapaltzeko gauza, zeren eta ezin dio enparatu bizitza bere jopuari ezta uztarpearen azpian ere, ta kaskailtzen utzi behar dio; ba areago: jopua elikatzeko premian arkitzen da, honek bera elikatu beharrean. Gizartea ezin diteke bizi bere menpean; hau da, hemendik aurrera elkartu eziñak dira burgesiaren eta gizartearen bizitzak.

Aberastasuna bakar-batzuen eskuetan bildu, kapitala jaso ta gehitu: ara hor burges klaseak behar dun funtsezko baldintza bizitzeko ta nagusitzeko. Biziko bada, saritako lana behar du kapitalak. Saritako lana langilleen elkar-arteko konpetentzian finkantzen da soilki. Industriaren aurrerapenak -burgesia da honen egille nahi-gabekoa arpegia emateko gauzeza izanik- iraultzaille elkartea dakar batza-bitartez, konpetentziaren ondorena dan langille-bakartasunaren lekuan. Honela, produzio ta ekoizpenak bereganatzeko antolatuta zeukan sistemaren oiñarria kentzen dio burgesiari industri-haundiaren aurrerapenak. Batez ere, bere zulogilleak sortzen ditu. Bere erorpena ta proletargoaren garaipena era berean alabeharrezkoak dira.

 

 

 

<< INTRO | II PROLETARIOAK ETA KOMUNISTAK >>